Irudika-Ilustrazioaren nazioarteko topaketa profesionalak maiatzaren 24an (ostirala) aurkeztu du Ca_teter, Jorge Mato ilustratzaile uruguaitarraren ezizena eta María Barriga egin duten lana martxoaren 8etik maiatzaren 24ra bitarteko egonaldi artistikoetan Citè Internationale de la Bande Dessinée d’Angoulême zentroan, Casa del Autor de Zapopán etxean eta Bilbaoarte Fundazioan. Erakusketa honen inaugurazioarekin buru eman zaie bien egonaldiei.
Ca_teterrek Querido Ramón. Autopsia de la exhibición aurkeztuko du, hilabete hauetan egindako lanaren izenburua. Lana, berez, Jorgeri haurtzaroko lagun batek Argentinatik bidali zion eskutitzaren erantzuna da, berandu bada ere. Izan ere, Jorgek Uruguaira, jaioterrira, itzultzea erabaki zuenean bidali zion gutuna lagunak eta ez zion inoiz erantzun. Erakusketa diziplina anitzeko ikuspegi batetik artikulatu du, marrazkiz, ilustrazioz, apuntez, objektuz eta testuez osatu du lana. Gainera, aribidean dauden lanak ikusi ahal izango dira, hainbat formatutan: risografiak, serigrafiak, fineart inpresioak, zirriborroak, bitakora-kaierak eta erakusketa osatzen duten eskultura-pieza txiki batzuk.
Maria Barrigak, bestalde, Próximo destino aribideko animaziozko film laburra erakutsiko du. Roadtrip moduan egindako lan baten protagonistak, delivery robot batek, izar bat entregatu behar du zergatia eta helmuga zehatza jakin gabe. Erakusketan, film laburraren sorkuntza-prozesua ikusi ahal izango da, fase guztietan: lehenengo zirriborroetatik hasi, ekoizpenetik igaro eta azken emaitzara iritsi arte. Era berean, istorioaren testuingurua osatzen duten teknika ezberdinetan inprimatutako lan batzuk erakutsiko dira.
Erakusketan ikusgai egongo dira, baita ere, Irudika nazioarteko topaketaren zortzigarren edizioaren promozioa egiteko erabiliko diren kartel ofiziala eta animazioa. Bi lan horiek egonaldian sortuak dira, kartela Ca_teterrek egin du eta animazioa María Barrigak. Lan horiek Irudika ekitaldiaren irudia izango dira, eta ibilbide luzea izango dute oso formatu desberdinetan: komunikabideetan, publizitate euskarrietan, sare sozialetan, etab.
Erakusketa maiatzaren 24an, ostirala, inauguratu zen bi artisten presentziarekin, eta Sancho el Sabio Vital Fundazioaren gunean egongo da zabalik uztailaren 18ra arte. Sarrera doan izango da Betoñuko Atea 23 kalean, 08:00etatik 15:00etara.
Irudikaren egonaldi programa posible da Eusko Jaurlaritzaren, Vital Fundazioaren eta Euskal Irudigileak elkartearen ekarpenei esker (ilustrazio kategorian), eta Acción Cultural de España, AC/E elkartearen laguntzari esker (animazio kategorian). Irudikak babesle ditu baita ere erakunde hauek: Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia, Angoulême-ko Udala, Citè Internationale de la Bande Dessinée, Guadalajarako Gobernua – Guadalajara Liburuaren Munduko Hiriburua – Guadalajara Kultura (Mexiko), Casa del Autor de Zapopán (Mexiko) eta Bilbaoarte Fundazioa.
Inaugurazioan Ca_Teter eta María Barriga izan dira, 2024an aukeratutako artista gisa. Era berean, Elisabeth Pérez, Irudikako zuzendariak, Arantxa Ibañez de Opacua, Fundación Vital Fundazioko zuzendariak, Andoni Iturbe, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak eta María Nanclares, Vitoria-Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotziak parte hartu dute.